Baskoiek eta frankotar merovingioek Akitaniatik bota eta gero, bisigodotarrek Hispania behin betiko bere menpe hartu izanak Pirineotako Hegoaldeko baskoien bizitza erabat baldintzatu zuen.Garai ilun haietan, Lautadako herritarrak, gainontzeko Ebroko lurretako herritarren antzera, askatasunaren eta bisigodotarren menpeko egoeraren artean bizi ziren. Horrela ulertzen da, 711 urtean, Tarik musulmandarra Gibratarreko itsartekoa zeharkatzen duen urtean, Rodrigo errege godotarra Iruñean setiatua egon izana. Hori dela eta, islama oso harrera ona izan zuen godoen menpe zeuden baskoien artean, baita Hispaniako gainontzeko herrien artean ere. Indar askatzaile moduan hartu zuten eta.
Baskoiak laster aspertu ziren Al-andalusko emireei zergak ordaintzeaz. 824 urtean, Carlo Magnoren armadaren kontrako Orreagako garaipenak 788 urtean emandako indarra eta batasuna oinarri hartuta, baskoiek Eneko Arista Iruñeako Errege izendatu zuten. Garai honetan eman zen Pirineotako Erresumaren hedapena, eta Santxo III. Erregearekin ( 1004-1035) inoizko lurralde eremu handiena hartu zuen; musulmandarren menpe zeuden eremu baskoiak berreskuratu zituen, Errioxa esaterako, eta antzinako Autrigonia, gaur egungo Burgoseko iparraldea, jendeztatu.
Gaztela-Leongo monarkiak, bere burua bisigodotarren ondorengotzat hartzen zuenak , politika espantsionista bat eraman zuen aurrera, eta urteak aurrera egin ahala lur eremuak kendu zizkion baskoien Erresumari, Garcia Ramírez Erregearen garaitik ( 1134-1150) Nafarroako Erresuma deitu izan zena. Frankoek askatasunean bizi ziren baskoei nafartar izena ematen zieten eta.
Gaztelatarren konkistaren garaian, 1200 urtean, Gaztelak Lautada, Nafarroako Erresumaren mendebaldearekin batera, bere egin zuen. Gaztelako erregeek baskoien artean sortutako muga artifiziala indartu nahi zuten. Testuinguru horretan, Alfonso X. ak Hagurahingo herriska Salvatierrako villa izendatu zuen, eta 1256an forua eman.
San Juliango eta Aistrako Santa Basilisa baselizak